XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Basatia laster agertu ezik, berandu iritxi behar afarira.

- Gauden zain beste bost minutuan - esan zuen Helmholtzek.

Eta ordurako ager ez badadi...

Telefono hotsa.

Hartu entzutailua eta: - Bai, esan...

Gero pixka batean adi egon ondoren, arnegu bat jaurtiki zuen: - Ford bere gurdian! Berehalaxe nihoak!

- Zer gertatzen duk? - galdetu zuen Bernardek.

- Park Lane-ko neure lagun bat zuan - esan zuen Helmholtzek.

Basatia han dela ziok.

Agi denez, zoratu egin omen duk.

Dena dela, urgentea duk.

Ba al hator?

Elkarrekin korrika abiatu ziren aszentsorerantz.

- Nola gusta dakikezue esklabo izatea? - zioen Basatiak bere bi lagunak Hospitalera sartu ziren mementoan.

Nola gusta dakikezue haur izatea? Haur, bai, haur.

Xilioka eta nigarra eta elderra darizuela - gaineratu zuen senetik ere aterea, salbatu nahi zituenei berei gaizki esaka.

Deltek errezeloz begiratzen zioten.

- Bai, elderra darizuela! - oihukatu zuen ozenki.

Zeharo ahaztu zen lehengo saminez eta arrenkuraz, hain gorroto eta nazka gordina sentitzen baitzuen munstro gizaxka haienganako.

Ez al duzue libre eta gizon izan nahi?

Ala gizatasuna eta libertadea zer diren ere ez al dakizue? - Amorrazioak etorri itzela zemaion.